Memorias de José Antonio Sacanell, barón del Progreso

Karlismoaren Museoak argitara eman du Testimonios bildumaren lehenengo liburua: Memorias de José Antonio Sacanell, barón del Progreso. Oraingoan estreinatzen den bildumaren xedea da helaraztea, jendeari oro har eta ikertzaileei bereziki, karlismoaren historia aztertzeko garrantzitsuak diren argitaratu gabeko testu historikoak.

José Antonio Sacanell Carmonak (1800-1876) bere oroitidazkiren bidez islatu zuen bere bizitza, abenturaz eta harriabarrez osatutakoa. 1834. urtean erbestera joan behar izan zuen Cartagenako espetxetik ihes egin ondoren, non preso baitzegoen kausa karlisten aldeko kolaboratzaile izateagatik. Sacanell jenerala Europan barna ibili zen, legitimismoaren eta horren ordezkarien aldeko borrokan: Karlos V.a, Karlos VI.a, Joan III.a, Maria Teresa Bragantzakoa eta Karlos VII.a.

Sacanellen idazkiak hemeretzigarren mendeko oroitidazki kixotesko moduko bat dira. Izan ere, horien bidez, gertaerak deskribatzearekin batera, garai hartako gizon ikasi eta adoretsu bat islatzen da, zeinak parte hartzen baitu eta idazten baititu XIX. mende erdiguneko karlismoaren historiaren momentu garrantzitsuenetan. Sacanellen izaera espainola da: leialtasuna, sakrifizioa, sinpatia, pikarokeria, xalotasuna eta zorigaitza batzen ditu. Baroiak beste batzuk joan ezin izan diren lekuetara eramaten gaitu, gerra baten ondoren kausa batek bizi dituen momentu latzetara, hain zuzen ere.

Oroitidazkiak osorik transkribatu ditu Enrique Sacanell Ruiz de Apodacak, baroiaren ondorengoak, Biblioteca de Catalunya liburutegian dauden jatorrizko zazpi oroitidazki-koadernoetan oinarrituta. Argi dago: ekarpen paregabea da ezagutu ahal izateko XIX. mende erdialdean gure mugetatik harago kausa legitimistak izan zuen bilakaera. Liburuan, gainera, argazki-album baten kopia dago, Montemolingo kondesa zen Karolina Borboi eta Bi Sizilietakoak jeneralari oparitutakoa, azken horren erabilera pertsonalerako. Argazki-ondare paregabe eta konplexua da, hemeretzigarren mendeko tipologiari dagokiona. Tipologia horren osotasunean datza albumaren balioa, hainbat esanahi geruza dituen diskurtso-osotasuntzat hartzen baita, bai egin zen unean, bai gaur egun duen ulermenean. Albumak ia berrehun argazki ditu, eta, horien bidez, baroiaren familiako eta lagunarteko kide batzuk ezagutzen ahal ditugu, baita hark egindako bidaietan ezagututako pertsona asko ere. Albuma azter dadin Karlismoaren Museoko Dokumentazio Zentroan utzi du gaur egun horren jabea denak, Enrique Sacanell Ruiz de Apodacak.

Oroitidazkien liburua 25 euroan egonen da salgai Karlismoaren Museoan (Rua kalea 27-29, Lizarra), Nafarroako Gobernuaren Argitalpen Funtsean (Navas de Tolosa kalea 21, Iruña) eta Funtsaren webgunearen bidez.