Bilduma - Karlismoaren Museoa
Bilduma
Hauek dira Karlismoaren Museoko bilduma osatzen duten pieza batzuk

Zalditeria arineko sablea
Francisco Espoz y Minarena izan zen (1781-1836). Espoz y Mina armada-buru izan zen Independentzia Gerran, Fernando VII.aren (1784-1833) erregimenari aurka egin zion eta, hala ere, Isabel II.aren (1830-1904) tronuaren defentsan karlisten kontra borrokatu ziren osteen buru izan zen. Ezpata hau pertsonaiaren izaera militarraren sinboloa da, pertsona askok aberriaren eta idealen defentsa egiteko armak hartzeko landa-eremuan eguneroko zereginak alde batera utzi zituzten testuinguru batean.

Karlos Maria Isidro infantearen erretratua
Vicente López margolariak (1772- 1850) egin zuen, eta Fernando VII.a erregearen anaia irudikatzen du, Espainiako infante moduan. Alderdi absolutistak Espainiako tronurako alternatibatzat jo zuen Karlos Maria Isidro (1788-1855) 1820ko hamarkadatik aurrera. Isabel II.a jaiotzeak eta Berrespen Pragmatikoa promulgatzeak –Lege Salikoa indargabetu zuen, haren arabera tronura gizonen ondorengotza-lineako kideak baino ezin baitziren iritsi– matxinada ekarri zuten berekin, erregea hiltzean lehen karlistaldia hasi zuena.

Karlos V.aren Armadaren Jeneral Gorenaren Bandera edo Errege-estandartea
Estandarte edo zutoihal hau, karlismorako esanahi handikoa dena, 1833ko kanpainaren hasieran brodatu zuen Bragantzako Maria Frantziskak (1800-1834), Borboiko Karlos Maria Isidroren lehen emazteak. 1835ean Jeneral Gorenaren tituluarekin erregegaiak adierazia, lehen karlistaldiaren ondoren, Bragantzako Maria Teresak (1793-1874), Beirako printzesak, bigarren emazteak, berreskuratu egin zuen, zaindu eta Karlos VII.ari eman zion 1872-1876ko gerran. Errege horrek “Zaldizko Guardien Errege Gorputzari” eskaini zion.

Lakarko karga
Enrique Estevan y Vicentek sinatua (1849-1927), antza denez Karlos VII.aren aginduz (1848- 1909), Lakarko guduaren eszena bat irudikatzen du, 1875eko otsailaren 3an gertatu zena. Hain zuzen, oste karlistek armada liberalekoak ezustean harrapatu zituzten, Alfontso XII.a bera buru zutela, eta atxilo hartzeko zorian egon zen. Estevan y Vicente kausa karlistaren aldekoa zen, eta Karlos VII.aren beraren erretratua egin zuen 1880an. Margolan hori ere museoan dago ikusgai, eta bai “Attila” motako uniformeko jaka ere, erregegaiak aipatutako gudu horretan jantzi zuena.

Pontifi ze-zuaboaren uniformea
Borboiko Alfontso Karlosena (1849-1936) izan zen, Karlos VII.aren anaiarena. Zehazki, karlismoaren lidergoa izan zuen 1931 eta 1936 artean. Zuaboen gorputzeko kide gisa, Pontifi ze Estatuen defentsan parte hartu zuen 1860an, eta, gero, gorputz militar hori oste karlistetan sartu zuen 1872-1876ko gerran. Zuaboen jatorria Aljeriaren konkistan dago, 1830ean. Hain zuzen, Frantziako armadaren barnean gelditu ziren, infanteriako gorputz moduan.

Erreketeen ofizialaren uniformea
Renato Sáez Bermejorena izan zen, Oriamendi tertzioko komandantearena. Alkandoran, Elkarte Tradizionalista Karlistaren ikurra du, mailaren intsignia bat, Bihotz Sakratuaren irudia eta Detente, bala idazkuna duen oihal-ebakina, eta Nafarroako Armadaren 61. dibisioaren ikurra. Oro har, erreketearen militaritxurako irudiaren eta unibertso ideologiko eta deboziozko bereziaren laburpena da.

Karlos Hugoren aurkezpena Montejurran
gnacio Ipiña Azcunagaren lana (1932-2010). Karlos Hugo Borboi-Parmakoaren (1930-2010) aurkezpena erakusten du, Jabier Borboi-Parmakoaren semearena (1889-1977), Montejurrako gailurrean, 1957ko maiatzaren 5ean. Estilo zirriborratua duela, Karlos Hugoren eta haren arreben inguruko jendetza-irudipena erreproduzitzen du, Kristo Beltzaren haitzuloaren aurrean.