“Lurrak hitz egingo balu” erakusketaren katalogoaren argitalpena

Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiak argitara eman du “Lurrak hitz egingo balu... Bigarren Gerra Karlistaren arkeologia Nafarroan” aldi baterako erakusketaren katalogoa. Erakusketa Karlismoaren Museoan egonen da apirilaren 7ra arte. Erakusketaren komisario Iban Roldan Bergaratxeak (Arkeologian doktorea, EHU) idatzi ditu katalogoko testuak, eta, lehenik eta behin, aztergai izan ditu alde batetik historia eta metodologia arkeologikoa eta, bestetik, Independentzia gerran eta Espainiako gerra zibilean aplikatutako oraintsuko arkeologiak. Ondoren, modu berezian aztertu du Bigarren Gerra Karlistaren arkeologia Nafarroan, eta, zehazki, Abartzuzako gudu zelaian eta Asturiasko Printzesa (Villatuerta) eta Arandigoiengo San Joan gotorlekuetan. Azkenik, tarte bat eskaini die Bigarren Gerra Karlistaren ondareari eta memoriari. Gerra karlistei aplikatutako metodologia arkeologikoaren azterketan aitzindaria den katalogo horretan, erakusketako zenbait materialen mantentze eta zaharberritze lanei buruzko testu bat gehitu da, Carmen Usúa Saavedrak eta Maite Cebrian Azanzak idatzia, eta erakusketa muntatzeko lanen irudiak eta erakusgai dauden piezenak ere jaso dira. Pieza horietako gehienak Nafarroako Gobernuaren Ondare Zerbitzukoak dira, baina badira beste erakunde batzuk lagatakoak ere, hala nola Arkeologi Museoak, Lizarrako Udal Artxiboak, Lizarrako Puyko Andre Maria basilikak eta Karlismoaren Museoak berak.

Katalogoak 180 orri ditu, eta 300 ale editatu dira. 12 euroren truke eskura daiteke Karlismoaren Museoan (Rua kalea 27-29, Lizarra), Nafarroako Gobernuaren Argitalpen Fondoan (Navas de Tolosa 21, Iruña) edo haren web-orriaren bidez https://publicaciones.navarra.es/eu