Lurrak hitz egingo balu… Bigarren Gerra Karlistaren arkeologia Nafarroan

Karlismoaren Museoak gerra karlisten arkeologiari eskaini die aldi baterako erakusketa berria. Erakusketa 2024ko apirilaren 7ra arte egongo da ikusgai.

10/10/2023 - 01/09/2024

Karlismoaren Museoaren aldi baterako erakusketa berria, “Lurrak hitz egingo balu… Bigarren Gerra Karlistaren arkeologia Nafarroan”. Komisarioa Iban Roldan Vergarachea, Euskal Herriko Unibertsitatean arkeologian doktorea da, eta 2024ko apirilaren 7ra arte egongo da ikusgai.


Erakusketaren abiapuntua komisarioaren doktore-tesia da: Arqueología de la segunda guerra carlista en Navarra. Una aproximación al conflicto desde el registro material. 2021ean Euskal Herriko Unibertsitatean defendatu zen lan hori aitzindaria da arkeologiaren barruan ikerketa-ildo berri bat proposatzen baitu, gerra karlisten materialtasuna ardatz duena, orain arte ia jorratu ez den gai bat, hain zuzen ere.

 

Erakusketa sei eremutan antolatu da. Lehenengoan, museoko patioan kokatu dagoen Historia eta metodologia arkeologikoa izenekoan, indusketa arkeologiko bat birsortzen da, erabilitako metodologia azalduz, eta gai eztabaidagarriak jorratzen dira; besteak beste, metalezko detektagailuen erabilera eta jardunbide egokiak ustekabeko aurkikuntzen kasuan, Nafarroako kultur ondareari buruzko foru legeak araututako gaia.

Bigarren eremuan, Oraintsuko arkeologiak izena duenean eta jada aldi baterako aretoen barruan, iragan hurbileko eta iragan garaikideko arkeologiak jorratzen dira, erakusketaren gai nagusia testuinguruan kokatzeko baliatu diren Independentziako Gerrarekin eta Espainiako Gerra Zibilarekin lotutako adibideekin. 


 

Hirugarrenean, Bigarren Gerra Karlistako arkeologia delakoan, hemeretzigarren mendeko gerra karlisten ondare militarra azaltzen da (aurkikuntza-lekua, material-mota, egungo egoera eta ondare historiko gisa duen garrantzia), eta hurrengo eremuetan Nafarroan aztertutako hiru adibide garatzen dira: gudu bati dagokion bat eta arkitektura militarraren aztarnei dagozkien bi.

 

1874ko Abartzuzako guduak laugarren eremua hartzen du. Gudu-zelaiaren egungo egoerari buruzko irudien bidez eta Juan Luis Landak berariaz egindako ilustrazio baten bidez, borrokaldiaren garapena, agertokia eta protagonistak aztertzen dira, komisarioak 2018ko azaroan eta 2019ko urtarrilean zuzendutako kanpainetan topatu ziren aztarna arkeologikoen bidez, bi bandoek erabilitako artilleria- eta fusileria-armen aniztasuna eta haien arteko alde teknologikoak eta logistikakoak agerian utziz, baita “lubaki karlista” delakoaren bilakaera ere, zeinaren erabilera funtsezkoa izan baitzen norgehiagoka amaitzeko.

Bosgarren eremua Gotorlekuak gerra garaian gaiari eskainia dago, zehazki Villatuertako “Asturiasko Printzesa” gotorleku liberalari eta Arandigoiengo San Joan gotorleku karlistari. Komisarioak bi gordeleku horiek ikertu zituen arkeologia-kanpaina banatan. Villatuertako indusketa-proiektuaren jatorria, komisarioak azaldu duenez, 2014. urtean dago; izan ere, Turismoaren Nazioarteko Egunaren harira, Karlismoaren Museoak bisita gidatua antolatu zuen Eskintza mendiko kokaguneetara. Bisitak hainbesteko interesa piztu zuen, ezen herriko udalak indusketa-kanpaina bat finantzatu baitzuen 2016an Euskal Herriko Unibertsitatearen bidez, Iban Roldanek berak zuzendu zuena. Bestalde, Arandigoiengo San Joan gotorleku karlistaren esku-hartzea bi fasetan garatu zen, 2017an eta 2018an, hurrenez hurren, eta Euskal Herriko Unibertsitateak garatu zuen, Deierriko Udalaren, Nafarroako Kutxa Fundazioaren eta Nafarroako Gobernuaren babes ekonomikoarekin. Kanpaina horiei buruzko azalpenarekin eta haietatik ateratako materialekin batera, Argako lerroan eraikitako gotorleku karlisten eta liberalen maketak eta Asturiasko Printzesako eta San Joango parajeen maketak daude ikusgai, baita esku-hartze horien azalpen-bideoak ere.

Seigarren eremuan, Ondarea eta memoria izenekoan, karlismoak Bigarren Gerra Karlistaren ondoren espazio publikoetan izan zuen presentziari eta Espainiako Gerra Zibilaren testuinguruan izan zuen eginkizun berriari buruz gogoeta egiten da, baita mugimenduaren historiari buruzko mugarri memorialistiko jakin batzuei buruz ere.

Erakusgai dauden material gehienak Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Sailekoak dira, Nafarroan garatutako kanpaina arkeologikoetan aurkitutako kultura-ondasunen gordailuzaina izaki, baina beste erakunde batzuetakoak ere badaude, hala nola Arkeologi Museokoak, Lizarrako Udal Artxibokoak, Lizarrako Puyko Andre Mariaren basilikakoak eta Karlismoaren Museokoak.

Erakusketa Museoaren ohiko ordutegian bisita daiteke: asteartetik larunbatera 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara, eta igande eta jaiegunetan 11:00etatik 14:00etara.